Zibersegurtasuna, bideo-jokoak, adimen artifiziala eta diseinu eta marketin tresna berriak hizpide, Araba Encounterreko hitzaldietan

  • Gaurtik igandera bitartean gauzatuko da online topaketa, prestakuntza-eskaintza zabalarekin: teknologia-munduko gaiak ardatz dituzten 11 tailer eta hitzaldi izango dira, hain zuzen. Jarduera horiek guztiak modu irekian eta doan emango dira, interesa duen edonork jarrai ditzan.

  • Araba Encounterren bederatzigarren edizioko programak 33 jarduera biltzen ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta jokoetako lehiaketak, non parte-hartzaileek beren ezagutzak eta trebetasunak probatuko dituzten.

  • Antolakuntzak jarduera guztiak Arabako Parke Teknologikoan instalatutako kontrol-unitatetik koordinatuko ditu.

  • Euskaltel Fundazioak antolatu du bilkura, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI Taldearen bitartez) laguntzarekin.


Zibersegurtasuna, adimen artifiziala, bideo-jokoak, eta diseinu eta marketin tresna berriak izango dira gaur hasi den Araba Encounter topaketa teknologikoko prestakuntza-jardueren ardatz. Teknologia zaleen arabar bilkuraren bederatzigarren edizioa online egingo da, eta antolatzaileak Arabako Parke Teknologikoan instalatutako kontrol-unitatetik egingo dituzte koordinazio-lanak.

Partyak 340 plaza zabaldu ditu, aisialdi- eta ikaskuntza-jardueretan esku hartu nahi duen ororentzat. Parte-hartzaileak beren etxeetatik konektatuko dira; izan ere, osasun-egoeraren harira, duela hilabete batzuk, ekitaldia zehaztu zen unean, bilkura online egiteko erabakia hartu zuten antolatzaileek.

Topaketaren prestakuntza-eskaintza osatzen duten hitzaldiak doakoak izango dira bai ekimenean izena eman dutenentzat bai interesa duen edonorentzat, Euskal Encounterren Youtubeko kanalaren bidez jarraitu ahal izango baitira.

Besteak beste, hizlariek aztertuko dituzten gaien artean azpimarragarriak dira ransomware edo ‘datuen bahiketa’, blockchain teknologiak bideo-jokoen munduan duen eragina edo online diseinurako eta marketin digitalerako tresna berriak. Halaber, tailer praktikoei esker, toki itxietako airearen kalitatea kontrolatzen edo beso robotikoei aplikatutako adimen artifiziala erabiltzen ikasteko aukera izango da. Horien inguruko informazio guztia partyaren webgunean dago ikusgai (www.arabaencounter.org).

Araba Encounter topaketaren programazioak beste 33 jarduera ere biltzen ditu, arte digitaleko lehiaketak barne. Horietan, parte-hartzaileek beren sormena erakutsiko dute 3D grafikoetan, musika digitalean, ilustrazioan, argazkien itxuraldaketan edo bideo edizioan. Era berean, zibersegurtasuneko eta programazioko adituek software libreko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute; hardware arloarekin loturiko gaien zaleek, berriz, hainbat ekimen izango dituzte 3D inprimaketari, robotika hezitzaileari edo programazioari buruzko ezagutzak trukatzeko. Horrez gain, modding-a edo ordenagailuen estetikaren aldaketa ere landuko da. Bideo-jokoen txapelketak eta jarduera ludikoak ere egongo dira, hala nola karaoke powerpointa, marrazketa analogikoko lehiaketa edo zinema-triviala.

Teknologia berrien zaleen bilguneko jarduerari jarraipena emateaz arduratuko da EncounterTV saioa, Twitch plataformako kanalaren bitartez (www.twitch.tv/euskalencounter), ostiral, larunbat eta igandean. Festa teknologikoak hartuko dituen ekintzen errepasoa egingo du saioak, eta elkarrizketak nahiz musika-emanaldiak hartuko ditu.

Euskaltel Fundazioak antolatu du partya, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin, Spriren bitartez.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 y 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera y 9:00-13:30 ostiraletan)

Faxa:

943-533697

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch