-
Arabar topaketa teknologikoan emandako hitzaldietan, ‘Fan Engagement’ marketin estrategian sakontzeko aukera egon da; hain zuzen, enpresek bezeroekin duten lotura emozionala lantzeko moduak izan dira hizpide.
-
Blockchain sareetan oinarritutako kriptojokoen etorrera eta aktibo digitalen deszentralizazioa gaming industriarentzat pizgarri izaten ari dira, baina, aldi berean, hainbat abantaila eta eragozpen dakarte, adituek azaldu bezala.
-
Ransomwarearen bilakaera ere jorratu dute Araba Encounterren. Erabiltzailearen fitxategiak edo gailuak blokeatzen dituen eta erreskate gisa online ordainketa eskatzen duen malwarea da hori. Eraso horiek gero eta gehiago gertatzen ari dira partikularren eta enpresen artean, eta horrek zibersegurtasuna indartzeko beharra agerian jartzen du. Hain zuzen, horrelako egoerei aurre egiteko jardunbide egokien zerrenda aurkeztu dute Arabako topaketan.
-
Euskaltel Fundazioak antolatu du bilkura, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRI Taldearen bitartez) laguntzarekin.
Araba Encounterreko hitzaldietan gaur egungo erronka teknologiko nagusietako batzuk jorratzen ari dira adituak. PlayerON enpresako Maitane López de Foronda ‘fan engagement’ filosofiaren inguruan aritu da. Hasiera batean, kirol-klub handiek jarraitzen zuten estrategia hori zaleekin zuten harremana areagotzeko, baina egun era guztietako enpresek baliatzen dute.
Maitane López de Forondak azaldu duenez, oso garrantzitsua da bezeroak pozik egotea, enpresaren preskriptore bihur daitezen. Adibide moduan jarri du 2021ean esperientzia txarra izan zutenen % 94k horren berri eman zuela sare sozialetan, interneten jarritako iruzkinetan edo Whatsappeko taldeetan. Eta online jarritako iritzi horiek faktore erabakigarriak izan ziren, hain justu, erosketen % 47an, Llorente y Cuenca enpresaren 2022ko txosten baten arabera.
Horregatik, bezeroen leialtasuna indartzeko, adituak “konexio emozionala” sortzearen garrantzia nabarmendu du, erosketa-esperientzia positibo batek eta arreta egokiak bezeroa enpresarekiko enpatia sentitzera eraman dezaten. Sare sozialen zeregina, baina baita erosketa-prozesu osoan bezeroarekin izandako komunikazio guztiena ere, aurkikuntza-fasetik bertatik, funtsezkoa da helburu hori lortzeko.
Evil Zeppelin enpresako Aleix Riscok blockchain sareetan oinarritutako kriptojokoen etorrera aztertu du. Bere ustez, panorama berri hori pizgarria izaten ari da gaming industriarentzat, baina, aldi berean, abantailak eta eragozpenak ditu. NFTak (token ez-suntsikorrak, hau da, aktibo birtualen jabetza-ziurtagiriak) erabiltzen dituzten aplikazio deszentralizatuak (enpresa edo unitate zentral batek kudeatzen ez dituztenak) arazo ugari sortzen ari dira. Aleix Riscok adierazi duenez, bideo-jokoen industrian errezeloak daude, batez ere teknologia honek sortzen duen mesfidantzagatik, baina blockchain teknologia txertatzen duten joko eta aplikazio berriak agertzen jarraituko dutela uste du.
Ordenagailuen bahiketa
Euskaltel Fundazioak antolatutako bilkuran adituek jorratutako beste gaietako bat izan da zibersegurtasuna. Euskalhack elkarteko Roberto Casadok ransomwarearen bilakaera azaldu du. Hain zuzen, erabiltzailearen artxiboak edo gailuak blokeatzen dituen eta erreskate gisa online ordainketa bat eskatzen duen malwarea da hori. Eraso horiek gero eta gehiago gertatzen ari dira partikularren eta enpresen artean, eta horrek zibersegurtasuna indartzeko beharra agerian jartzen du. Ildo horretatik, horrelako egoerei aurre egiteko jardunbide egokien zerrenda aurkeztu du adituak.
Lehenik eta behin, aldez aurreko babesa areagotzea gomendatu du, phishing-a identifikatzeko prestakuntzaren bidez. Gainera, zibersegurtasunarekin loturiko eta salbuespenik gabe jarraitu beharreko jardunbide egokiak ezartzea gomendatu du. Eraso informatikoa gertatuz gero, azpimarratu du garrantzitsua dela ekipoak saretik berehala deskonektatzea, gehiago hedatu ez dadin. Casadoren esanetan, gertatutakoa berehala jakinarazi behar zaio sistemen administratzaileari, enpresen kasuan, edo konfiantzazko enpresa bati, partikularren kasuan, eta, ondoren, informazio guztia agintariei helarazi behar zaie. Erreskaterik ez ordaintzea eta segurtasun-kopien bidez informazioa berreskuratzeko konfiantza izatea gomendatzen da; izan ere, kopia horiek eguneratuta edukitzea ezinbestekoa da, inolako zalantzarik gabe.
Hitzaldiez gain, Araba Encounterreko gainerako arloetan ere jarduera interesgarri ugari gauzatzen ari dira. Hain justu, arte digitaleko, software libreko, hardwareko eta bideo-jokoetako alorretan burutzen ari diren joko eta lehiaketen berri ematen ari da Encounter TV saioak, Twitch bidez (www.twitch.tv/euskalencounter), eta elkarrizketa zein musika emanaldiak ere hartzen ditu.
Euskaltel Fundazioak antolatu du Araba Encounter, Euskaltelen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin, SPRIren bitartez.